Texto del documento
2.- MENDEBALDEKO FILOSOFIAREN SORRERA GREZIAN: MUNDU- IKUSKERA MITIKOTIK TEORIZAZIO FILOSOFIKORA Mendebaldeko Filosofia Grezian jaio zen, K.a. VI. mende inguruan, konkretuki joniako kostaldeko Kolonietan (Mileto, Efeso...). Hau ez zen kasualitatea izan: faktore askok lagundu zuten trantsizio honetan, hala nola merkataritzaren garapenak, beste kulturekin kontaktuak (Egipto, Babilonia…), askatasuna, aisialdia eta greziarrek jakinmina eta arrazoiketa garatzeko zuten joerak. Horrela, pentsamendu arrazionalaren lehen urratsak eman ziren. Filosofia sortu aurretik, greziarrek eta beste kultura askok mundua ulertzeko mitoak erabiltzen zituzten.
Mitoek kontakizun sinboliko eta sakratuak eskaintzen zituzten, naturako eta gizarteko fenomenoen azalpena emateko. Fenomeno bakoitza jainkoen edo naturaz gaindiko izakien ekintzekin lotzen zen, adibidez: ekaitzak Zeusen haserrea ziren edo urtaroak Demeter eta Pertsefoneren istorioaren ondorio ziren. Mitoek ez zuten kausa arrazionaletan oinarritutako azalpenik bilatzen, dena jainkoen borondatearen menpe zegoelako. Hala ere, pentsamolde hau aldatzen hasi zen eta desberdin pentsatzen hasi ziren lehenengoak Filosofo presokratikoak izan ziren. Filosofo hauek arrazoia eta behaketa erabiltzen hasi ziren. Hau izan zen "mythos-etik logos-erako igaroa".
Logosak azalpen arrazional eta naturalak bilatzen ditu. Ez dute gehiago jainko- jainkosen borondatearen arabera azaldu nahi; natura bere lege propioen arabera ulertzen hasten dira. Unibertsoa, beraien ustez, kosmosa da, zerbait ordenatu eta ulergarria (mitoen arabera, berriz, Kaosa zen). Lehen filosofo hauek physis (natura) ikertzen zuten eta unibertsoaren oinarrizko printzipio edo lehen ekaia (arkhé) bilatzen saiatu ziren. Haien proposamenen arabera, monistak (arkhé bakarra) edo pluralistak ( arkhé batzuk) deituak izan dira. Presokratiko ospetsu batzuk aipatuko ditugu: Tales Miletokoa: ura lehen printzipiotzat proposatu zuen; bere ustez, gauza guztien bizia uretik sortzen zen.
Anaximenes: airea arkhé gisa hartu zuen, dentsitate aldaketen bidez munduko gauzak sortzen zirela pentsatuz. Heraklito Efesokoa: arkhé moduan sua proposatu zuen aldaketa eta mugimenduarekin lotzen zuena: "dena isurian dago" (panta rei). Parmenides Eleakoa: honek arkhé materiala proposatzeko tradizioa apurtu zuen. Bere ikuspuntua fisikoa izan beharrean metafisiko edo ontologikoa izan zen eta berak esan zuen egiazko errealitate bakarra Izatea zela. Parmenidesek aldaketaren ideia ukatu zuen; Izatea bakarra, aldaezina eta betierekoa dela zioen (esfera modukoa). Enpedokles: arkhé moduan lau elementuak proposatu zituen: ura, sua, airea eta lurra.
Aurrekoaz gain, bi indar ere proposatu zituen: amodioa eta gorrotoa. Demokrito: arkhé moduan atomoak proposatu zituen. Betiko eta zatiezinak diren partikulak, tamaina eta forma desberdinekin, hutsean mugitzen eta hautematen dugun guztia osatzeko konbinatzen direnak. Filosofo hauek natura eta mundua arrazionalki ulertzen saiatu ziren, eta horrek pentsamendu kritiko eta sistematikoaren sorrera ekarri zuen. Trantsizio hau funtsezkoa izan zen Mendebaldeko pentsamenduarentzat. Geroago, Sokrates eta Sofistek, gizakiari buruzko gaietan jarri zuten arreta, biraketa antropologikoa bultzatuz.
Hauen ostean, Platon eta Aristotelesek lehenengo sistema osoak aurkeztu zituzten, horrek esan nahi du, gai guztiak jorratu zituztela: metafisikoak baita antropologikoak ere.