1. Gaia

Historia de España · EAU País Vasco. 1. Gaia: apuntes de Historia de España. Con ideas clave, figuras y test de repaso en cada tema.

Historia de España · EAU País Vasco

21 páginas

Texto del documento

1. ANTZINAKO ERREGIMENAREN KRISIA ETA ESTATU LIBERALAREN ERAIKUNTZA a. Zer da Antzinako Erregimena? Erregimen feudalaren ondoren, Europan, XVIII. mendearen amaiera arte eratu zen eraikuntza sozial, politiko eta ekonomikoa da Antzinako Erregimena, hau da, Aro Modernoan (XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan) indarrean egon zena. Ilustrazioaren ideiak Antzinako Erregimenaren aurkakoak izan ziren. Haien eraginez egin ziren iraultza burgesak. Antzinako Erregimenaren krisia Karlos IV.aren erregealdian (1788-1808) agertu zen Espainian eta Euskal Herrian.

Krisi ekonomiko, politiko eta soziala larriagotu egin zen erregealdi hartan, baita Frantziako iraultzak Espainian eta Euskal Herrian izan zuen eragina ere, eta horrek Antzinako Erregimena amaiarazi eta Aro Garaikidea ekarri zuen. b. Antzinako Erregimenaren ezaugarriak a) Ezaugarri politikoak Antzinako Erregimenean, monarkia zen gobernu modu nagusia, eta hark zuen botere guztia bere eskuetan: erregeek botere guztiak beretzen zituzten eta haien boterea Jainkoarengandik eratorria zela (monarkia absolutua) uste izaten zen. XVIII. mendean, Borboiak Espainiako tronura iritsi zirenean, boterearen eta zentralizazio politikoaren elkartze hori areagotu egin zen.

b) Ezaugarri sozialak 1 Estamentutan banatuta zegoen gizartea. Noblezia eta kleroa ziren estamentu pribilegiatuak: ez zuten zergarik ordaintzen, kargu publiko eta militarretan aritzen ziren, tratu berezia jasotzen zuten epaitegietan, gaitasuna zuten beren jaurerrietan zergak biltzeko, legeak egiteko eta epaitzeko, eta abar. Herri xehea zen pribilegiorik gabeko estamentua, ugariena eta zerga-ekarpenak egiten zituena, baina botere politikoan partee hartu ezin zuena. Estamentu horren barnean aurkitzen ziren nekazari gehienak, hirietako burgesia, soldatako langileak eta baztertuak. c) Ezaugarri ekonomikoak Antzinako Erregimeneko ekonomia nekazaritzakoa eta autarkikoa zen.

Hazkunde demografikoak, gero eta intentsiboagoa eginarazi zuen nekazaritza, eta produktu berriak gehitu ziren, esate baterako, artoa eta patata. Abeltzaintzak, ordea, atzerakada handia jasan zuen. Industriaren garapena eskasa zen, eta artisautza-giroan murgilduta zeuden gremioen kontrolpean zegoen hura oraindik. Kataluniako ehungintzak bakarrik izan zuen garapen nabaria XVIII. mendearen azken aldera. c. XVIII. mendea. Erreformismoa eta Ilustrazioa XVIII. mendean, Ilustrazioa deitu ohi den mugimendu intelektual berria zabaldu zen Europan barrena.

Burgesiak nagusitasun ekonomikoa lortua bazuen ere, ezin zuen erabakietan parte hartu, botere politikoa erregearen eta estamentu pribilegiatuen eskuetan zegoelako. Horregatik, burgesiak ezinbestekotzat jotzen zuen gizartean aldaketa sakonak abian jartzea eta Antzinako Erregimena desagerraraztea. Testuinguru horretan erne ziren ilustratuen ideiak eta, ideia horiek hartuz, iraultza liberal burgesek, Antzinako Erregimena amaiarazi egin zuten. Baina Ilustrazioaren ideiek, burgesiari eta herri xeheari ez ezik, estamentu pribilegiatuei eta erregeei ere eragin zieten.

Monarka absolutu batzuk, Ilustrazioaren ideiak oinarritzat hartuta, Antzinako Erregimena eraberritzen saiatu ziren, jendearen egoera hobetu nahian, baina gobernu absolutuari eta pribilegioei uko egin gabe. Monarkia absolutuaren barnean sortutako korronte erreformista horri "Despotismo ilustratua" deitu ohi zaio, eta haren goiburua zen: "dena herriarentzat, baina herriak parte-hartu gabe gabe"). Halaz eta guztiz ere, monarkiak berak bultzatutako erreforma horiek pribilegiatuen interesekin tupust egin zuten eta ez zuten arrakastarik izan. Ilustrazioaren ideologia Antzinako Erregimenaren akats sozial, ekonomiko eta politikoak kritikatu egin zituen Ilustrazioak.

Ekonomian, Estatuaren interbentzionismoa alde batera utzi behar zen askatasun osoa uzteko. Politikan, irizten zen subiranotasun nazionala herritarrengan zetzala, botereak (legegilea, exekutiboa eta judiziala) banandu egin behar zirela, estatu laikoak (erlijioaren eraginpean ez daudenak) sortu behar zirela, eta giza eskubideak (askatasuna, berdintasuna eta jabetza eskubidea) zabaldu behar zirela. 2 1.1. INDEPENDENTZIA GERRA ETA JOSE I.aren GOBERNU-ALDIA. FRANTSESTUAK a) INDEPENDENTZIA GERRA Karlos Iv.a, Espainiako erregeak Godoy izendatu zuen Estatu idazkari. Frantziako Iraultzaren aurkako gerra galdu ondoren, Basileako Bakean (1795) Frantziaren aliatu bihurtu zen Espainia.

Aliantza hark Trafalgarreko Gudua galdu zuen 1805ean ingelesen aurka itsasoan, ia ontzidi guztia galduz. Napoleonek, orduan, merkataritza-blokeoa ezarri zuen ingelesen aurka. 1808an, Godoyk Fontainebleauko Tratatua sinatu zuen. Bertan, tropa frantsesak Espainiatik barrena pasatzeko baimena lortu zuen Napoleonek, argudiatuz Portugalek Ingalaterraren aurkako blokeoa hausten zuela eta, Frantziak Espainiatik igaro behar zuela Portugal konkistatzeko. Napoleon indar handiz sartu zen Espainian, eta bertan geratu zen. Herria matxinatu egin zen inbasioaren aurka, eta errege-familiak Aranjuezera ihes egin zuen.

Egoera hau aprobetxatuz, Fernando printzeak, soldadu, nekazari eta jauregiko zerbitzarien laguntzaz, Karlos IV.aren abdikazioa eta Godoy kargugabetzea lortu zuen Aranjuezko matxinadan (1808). Karlosek, ordea, ez zuen onartu koroa galtzea, eta oinordetzaren arazoa sortu zen. Bitartekaritza egiteko eskaini zuen bere burua Napoleonek, eta errege-familiako gatazkak baliatu zituen. Frantziarrek Madril okupatu zuten eta Napoleonek Baionara joanarazi zituen aita eta semea, bien arteko gorabeherak konpontzera. Han, bi erregeen abdikazioa lortu zuen (Baionako abdikazioak) eta, ondoren, Josef Bonaparte izendatu zuen Espainiako errege.

Baionako abdikazioak eta Napoleonen tropek Espainia okupatzen hasi izana izan ziren gerraren zuzeneko zergatia. 1808ko maiatzaren 2an herri-matxinada sutu zen Madrilen. Muraten agindupean zeuden frantsesek errepresio gogorra egin zuten, eta ehunka herritar fusilatu zituzten (Goyaren koadroa). Baionako abdikazioak eta Madrilgo gertaerak ezagutu zirenean, frantsesen aurkako erreboltak Espainia osora zabaldu ziren, ondorio latzak izango zituen Independentzia Gerra luzea (1808-1813) hasiz. Errebolta hasi zen unean bertan geratu zen agerian botere hutsunea. Herriak hartu zuen bere gain gerraren ardura, eta Probintzia-mailako Juntak sortu ziren koordinazio premiagatik.

Junta horiek beretu zuten subiranotasuna erbestean zegoen erregearen izenean. Berehala ikusi zen probintzien arteko zatiketa gainditu eta gobernu nazional bateratua sortu beharra. Hartara, Probintzia-mailako Junten ordezkariekin (Haien artean, Jovellanos eta Floridablanca) Junta Zentral Gorena eratu zen. 1810ean, Ebro ibaian kokatu zen Frantziako Inperioaren muga berria. Hartara, Parisek zuzenean izendatutako militarrek administratu zuten Euskal Herria handik aurrera. Hiru fase bereizten dira Independentzia Gerran: 1- Armada espainiarra antolatu zenekoa, gudaroste frantziarren aurka garaipenak lortuz, Bailengo Guduan bezala (1808ko uztailean), haiek erretiratu araziz.

2- Gerra luze bateko aldia, Napoleon bera Espainiara etorrita. Setio luze eta odoltsuak pairatu ziren Zaragozan, Gironan, Cadizen eta beste hainbat hiritan. Fase horretan, gerrilla-gerra landu zuten espainiarrek, El Empecinado, Merino apaiza eta Espoz y Mina buru zituztela. 3 3- Wellington jeneral ingelesaren agindupean, Portugaletik gudaroste anglo-portugaldarrak sartu zirenekoa. Gudaroste frantsesak garaituak izan ziren Arapilesko guduan (1812) eta Gasteiz eta San Martzialeko guduetan 1813an, eta Bidasoa ibaia zeharkatu behar izan zuten. 1814ra arte iraun zuen gerrateak Frantzian.

Espainiari dagokionez, Valencay-ko Tratatuak (1813ko abenduan) Fernando VII.a berrezarri zuen tronuan eta Espainiara itzuli zen. Gatazka hark Espainia suntsitu egin zuen, merkataritza etenez, soroak galduz, aziendak gutxituz eta manufakturaren zati handi bat desagerraraziz. Kostuak ikaragarriak izan ziren, diru-sarrerak baino hogei aldiz handiagoak baitzen defizit publikoa. Gainera, mugimendu independentistak hauspotu zituen Ameriketan. b) JOSE I.AREN GOBERNUA-ALDIA.

FRANTSESTUAK Josef Bonaparte, Napoleonen anaia nagusia, Espainiako errege izendatu zuten 1808an, Baionako Abdikazioen ondoren, Karlos IV.a eta Fernando VII.a euren eskubide dinastikoei uko egitera behartuak izan baitziren orduan; herri-erresistentzia, gerra eta kaosaren erdian egindako saiakera erreformistak izan ziren gobernu-aldiaren ezaugarriak. Asmo ilustratu eta napoleonikoen ildoan Espainia modernizatu nahi izan zuen arren, haren legitimitatea beti zalantzan egon zen, eta Frantziako botere militarraren menpe egon zen bere autoritatea. Jose I.a Madrildik gobernatzen saiatu zen, baina bere kontrol eraginkorra Napoleonen gudarosteek okupatutako eremuetara mugatu zen.

Jose I.ari, mespretxuz "Pepe Botella" ezizena ezarri zioten (mozkorra zela leporatzen zion karikaturak, nahiz eta seguruenik gezurra izan hori), Frantziako Iraultzaren eta liberalismo moderatuaren egitasmoetan inspiratutako programa erreformista bat aplikatzen saiatu zen: 1. Baionako Estatutua (1808): Konstituzio modura funtzionatu zuen gutun egiletsi bat, monarkia autoritarioa ezartzen zuena, baina berme liberal batzuekin, esate baterako, Gorte aholku-emaile batzuk. 2. Antzinako Erregimenaren abolizioa: Jurisdikzio-jaurerriak ezabatu zituen, eta nobleziaren eta kleroaren pribilegioak murriztu egin zituen, Inkisizioaren abolizioa (1813) ere barne. 3.

Administrazioaren erreforma: Frantzian bezalako prefektura-antolamendua ezarri zuen, eta Ogasun publikoa berrantolatu zuen. 4. Kulturaren sustapena: Intelektualak eta artistak babestu zituen, Goya (hasieran frantsestuen aldekoa zena) eta Moratin kasu. Hala ere, erreforma horiek tupust egin zuten gerran zegoen Espainiako errealitatearekin. Herritarrik gehienek inbaditzaile bezala ikusten zuten, eta erakunde tradizionalek (Elizak eta junta abertzaleek, adibidez) arbuiatu egiten zuten.

Frantsestuak Espainiako elitearen sektore minoritario baina garrantzitsu bat (intelektualak, burokratak eta nobleak) Jose I.aren alde agertu zen, haren gobernuak modernizazioa eta egonkortasuna ekarriko zituelakoan. Besteak beste, Francisco Cabarrús, Leandro Fernández de Moratín eta Juan Meléndez Valdés bezalakoak ziratekeen "frantsestu" horiek, eredu napoleonikoaren pean eraberrituko zen Espainia batean sinesten zuten. Haietako batzuek Frantziako armadarekin eta administrazio berriarekin kontratuak lortu zituzten, eta horri etekina atera zioten. Nobleziaren eta kleroaren areriotasuna sentitu zuten, baita Cadizen babestu ziren erreformista eta liberal moderatuena ere.

Hala ere, 1813ko frantsesen porrotaren ondoren, traidore bezala jazarriak izan ziren asko, eta erbesteratu egin behar izan zuten. Ondorioak 1814an Fernando VII.a itzuli eta absolutismoa berrezarri zenean, haien erreforma asko baliogabetu egin ziren. Jose I.aren erregealdi laburrak porrot egin zuen gerrarengatik eta herriaren arbuioaren ondorioz, eta horregatik ezin izan ziren sendotu haren erreformak. Hala eta guztiz ere, errege ilustratu hark itzala utzi zuen espainiar liberalismoan, eta frantsestuen esperientziak eragina izan zuen XIX. mendeko pentsamolde erreformistan. 4 1.2.

CADIZKO GORTEEN EKARPEN IRAULTZAILEA ETA 1812KO KONSTITUZIOA 1810ean, Espainia frantsesen esku eta errege-familia Frantzian zegoela, Junta Zentral Gorena desagertu egin zen, porrot militarren ondorioz sinesgarritasuna galdua zuelako. Ourenseko Gotzainaren Erregeordetza bati utzi zion bere egitekoa (behin-behineko gobernua izan zedin). Behin-behineko gobernuak, desegin aurretik, Gorteak deitu zituen.

1810eko irailean bildu ziren Gorteak Cadizen (frantsesen agindupetik kanpo geratzen zen hiri bakanetakoa baitzen eta, gainera, ontzidi ingelesaren babesa zuen); eta haien lana nahiko paradoxikoa izan zen: Espainiako gizartearen gehiengoak frantsesei eta haien ideiei armekin aurre egiten zien bitartean, ilustratu batzuek ideia horiek berak ezarri nahi izan zituzten, Frantzian bezala benetako iraultza burgesa egiteko. Hura izan zen Espainiako lehen iraultza liberal eta burgesa. Gerraren oztopoak zirela eta, probintzia batzuetako diputatuek ezin izan zuten Cadizera iritsi (gauza bera gertatu zen diputatu amerikarrekin).

Cadizen zeuden probintzia horietako errefuxiatuen artean bilatu ziren haien ordezkariak. Elizgizonak, abokatuak, funtzionarioak, militarrak eta katedradunak ziren nagusi, baina baziren burgesia industrial eta komertzialeko kideak ere. Prestakuntza intelektuala zuten klase ertainekoak nagusitu zirela esan dezakegu. Berehala agertu ziren bi joera nagusi diputatuen artean: liberalak, lehen aldiz erabiltzen zen esamolde hori, hau da, berrikuntza iraultzaileen aldekoak; eta absolutistak, mespretxuz "morroiak" deitu ohi zituztenak, Antzinako Erregimena mantentzearen aldekoak. Gorteetako eztabaidetan liberalak izan ziren nagusi, eta Cadizeko prentsa gehiena haien alde agertu zen.

Baina elizetako pulpituak ideologia absolutistaren alde egon ziren (nahiz eta apaiz bakan batzuk liberalak izan). 1810 eta 1813 bitartean dekretuz amaitutzat eman zen Antzinako Erregimena. Erabaki garrantzitsuenak jaurerrien desagerpena, desamortizazio programak, kontratazio askea eta askatasun industriala izan ziren. Liberalismoaren eredu sozio-ekonomikoa nagusitu zen. Liberalismo ekonomikoan oinarritutako neurriak ezarriz, merkatu nazionala eratu ahal izateko oztopoak kendu nahi izan ziren gremioak eta barne-aduanak ezabatuz. Merkataritza-, industria- eta lanbide askatasuna ezarri zen.

1812ko martxoaren 19an, San Jose egunean (horregatik esaten zaio "La Pepa"), onetsi zuten Konstituzioa Cadizko diputatuek. Espainiako historiako lehena zen eta, beraz, Konstituzio harekin monarkia parlamentario bihurtu zen Espainia. Konstituzioak honela definitu zuen nazioaren kontzeptu berria: "Espainiako nazioa bi hemisferioetako espainiar guztien bilkura da"; eta bertan ezartzen da sufragio bidez baliatzen dutela subiranotasuna. Konstituzioaren printzipio orokorrak honako hauek dira: a) Subiranotasun nazionala: Boterea naziotik eratortzen eta, ondorioz, "Oinarrizko legeak ezartzeko eskubidea nazioari dagokio" (3.

artikulua, ordura arte indarrean egon zen jatorri jainkotiarreko errege subiranotasuna ezabatu zuena). Konstituzioak subiranotasun nazionala aldarrikatu zuen erregearen kaltetan, eta erregeari funtzio legegilea kendu zitzaion, hura Gorteei emanez. Herritarrek, testuaren arabera, onartu zuten Fernando VII.a Espainiako errege zela, baina ez errege absolutua, baizik errege konstituzionala. b) Botere-banaketa: 5 Botere legegilea, kamera bakarreko Gorteen esku zegoen (15. artikulua). Gorteek proposatu behar zituzten legeak, eta erregeak berretsi besterik ez zituen egingo haiek. Botere exekutiboa erregearen esku zegoen.

Hark ezin zituen Gorteak desegin, eta nazioa gobernatzeko zazpi idazkari izendatu behar zituen ministro. Erregeak ez zuen gobernatzen, baina ahalmen garrantzitsuak zituen oraindik ere, esate baterako, Gorteei legeak proposatu ahal izatea, legeei betoa jartzea (haien ezarpena bi urtez bertan behera utzi ahal zuela), armadaren buru izatea, harreman diplomatikoak zuzentzea, ministroak izendatzea, eta abar. Botere judizialak auzitegien eskumenekoa izan behar zuen (17. Artikulua) eta, beraz, nobleek galdu egiten zuten Antzinako Erregimenean justizia administratzeko zuten ahalmena. Zuzenbide-estatu bat izanik, kode bakarra ezartzen zen arlo zibilean, penalean eta merkataritzakoan.

c) Herritarren berdintasuna legeen eta zergen aurrean (8. artikulua). Horrek gizarte estamentalaren akabera zekarren, salbuespenetan eta pribilegioetan oinarritutako gizarte-eredu bat desagerrarazteko oinarriak ezartzen zituelako. Konstituzioak ez zituen euskal Foruak aipatzen, eta horrek esan nahi zuen ez zituela ontzat ematen; hala ere, ez zituen ezabatzen. d) Zeharkako sufragio unibertsala. Ganbera bakarreko Gorteak sufragio unibertsalaren bidez hautatutako diputatuek osatzen zituzten. Horrek esan nahi zuen garai hartan 25 urtetik gorako gizon guztiek zutela bozkatzeko eskubidea. Baina ez ziren diputatuak zuzenean aukeratzen, baizik eta konpromisarioen sistema konplexu baten bidez (27.

eta 34. artikuluak). Hautatua izateko jabea izan behar zen, eta horrek kanpoan uzten zituen soldatako langileak eta lurrik gabeko nekazariak. e) Konfesionaltasuna (12. artikulua): Katolikoa zen Espainiar Nazioaren erlijioa, eta ez zen besterik ontzat ematen. Liberalismo erradikalaren sinboloa izan arren, 1812ko Konstituzioak erlijioaren eta nobleziaren eragina islatu zuen, Estatua konfesionala zela baieztatuz eta talde pribilegiatu haien jabegoa onartuz. f) Milizia Nazionala sortu beharra dekretatzen zen, hiritar armatuez osatua, balizko barne-etsaien aurrean erregimen liberala defendatzeko (362. artikulua).

g) Beste alderdi interesgarri batzuk honako hauek dira: eskubide indibidualen aitortza, hainbat artikulutan jasotzen dena (371. artikulua): iritzi-askatasuna, jabetza-askatasuna, hezkuntza-eskubidea. Fernando VII.a itzuli zenean, hark ez zuen Konstituzio hura onartu. Hala eta guztiz ere, eragin handia izan zuen Espainian, XIX. mendeko Europan eta, batez ere, amerikar kolonien independentziaren aldeko borrokan. - - - FERNANDO VII.aren erregealdia (1814-1833) a) Lehen aldi absolutista (1814-1820) Gerra amaitu ondoren, Gorteak Madrilera itzuli ziren eta Fernando VII.aren itzulera prestatu zuten. Konstituzioari zin egin behar ziola jarri zitzaion baldintza modura.

Itzuli zenean, 1814an, Zaragozara eta Valentziara joan zen herritarren txalo artean, eta zenbait diputatu absolutistek "Pertsiarren Manifestua" helarazi zioten erregeari, Cadizen onetsitako aldaketak atzera bota zitzan eskatuz. Erregeak, hori ikusita, absolutismoaren alde egin zuen, 1812ko Konstituzioa baztertuz, eta bera Espainiatik irten aurretik indarrean zegoen sistema, Antzinako Erregimena, ezarri zuen berriro. Aldi berean, Europako herrialde askotan Napoleonen ondorengo Berrezarpen-aldia martxan zegoen eta "Aliantza Santua" eratu zen absolutismoa defendatzeko. Espainiako ekonomia, Ogasuna, erabat lur jota zegoen gerraren ondorioz.

Frantsestuak eta liberalak pertsegitzeari ekin zion erregeak. Egoera horren aurrean, liberalak erbesteratu egin ziren eta erregearen 6 aurka konspiratzeari ekin zioten. Militar eta gerrillari batzuk ere erregearen aurka matxinatu ziren. Fernando VII.aren gobernua ustelkeria giroan murgilduta geratu zen. Amerikako kolonien independentzia prozesua ere garai hartan hasi zen, eta buruhauste politikoak larriagotu egin ziren. Riego buru zuen Cadizeko Konstituzioaren aldeko altxamendu militarraren ondoren, erregeak Konstituzioa onartu egin behar izan zuen.

b) Hirurteko konstituzionala (1820-1823) 1820ko urtarrilaren 1ean, Rafael del Riego koronelaren pronuntziamendua zertu zen, amerikar kolonietara gerrara joan behar zuen soldadu konpainia baten buru zela. Erregeak Cadizko Konstituzioa onetsi behar izan zuen. Liberalen eta frantsestuen amnistia aldarrikatu behar izan zuen. Hauteskundeak deitu zituen eta liberalek irabazi zuten. Hiru urte horietan, liberalak 1812ko Konstituzioa praktikara eramaten saiatu ziren, baina "errealistei" (absolutista erradikalei) eta Aliantza Santuari aurre egin behar izan zioten.

Arazo hauen ondorioz, liberalak bi jarreratan aldebanatu ziren: "moderatuak", erreformak burgesiarekin eta nobleziarekin adostearen aldekoak; eta "buruberoak", erradikalagoak, erreformak berpiztearen eta erregearen botereak murriztearen aldekoak. Jaurerrien abolizioa, lurren desamortizazioa, zerga-sistemaren erreforma (hamarrenak baliogabetuz), gremioen desagerpena, Milizia Nazionalaren sorkuntza eta probintzien sorrera izan ziren orduko neurrietako batzuk. Erregea, beto eskubidea erabiliz, dena geldiarazten saiatu zen. Nekazariak ere lur jota zeuden, lurrak ez baitziren banatzen eta zerga-gorakada pairatzen baitzuten.

Nobleziak eta kleroak, euren kontrako neurriei aurre eginez, agintarien aurkako erreboltak sustatu zituzten nekazarien artean. Absolutismoaren aldekoak Katalunian, Nafarroan, Galizian, Euskadin, Errioxan eta Aragoin altxatu ziren eta, azkenik, liberalek, 1823an, Aliantza Santuak bidalitako "San Luisen Ehun Mila Semeen" frantziar armadaren inbasioaren ondoren, amore eman eta erbestera joan behar izan zuten. c) Bigarren aldi absolutista. Hamarkada Deitoragarria (1823-1833) Absolutismoa itzuli zenean, handia izan zen errepresioa. Erregeak talde militar bat sortu zuen (boluntario errealistak) liberalen aurkako pertsekuzioaz arduratu zedin.

Amerikako koloniak galdu izanak larriagotu egin zuen krisia, baita ekonomikoki ere. Erregeak Ogasun Ministerio bat proposatu zuen. Jarrera horrek sektore tradizionalistenen mesfidantza areagotu egin zuen, Inkisizioa berrezartzen ez zuelako eta liberalen aurkako errepresioa gogorragoa ez egiteagatik atsekabetuta zeudelako. Sektore hori erregearen anaia zen Karlos Maria Isidroren inguruan bildu zen. Horrela sortu zen karlismoa, Fernando VII.ak semerik ez zuenez, indarrean zegoen Lege Salikoa aplikatuz, Karlosi baitzegokion haren ondoren errege izatea. Fernando VII.ak, ordea. Berrespen Pragmatikoa aldarrikatu zuen, bere alaba Isabeli oinordetza ematen ziona. Fernando VII.

hil zenean 1833an, haren emazteak beretu zuen erregeordetza (Isabelek hiru urte baitzituen), baina karlistek ez zuten onartu halakorik. Aldi horretan hasi ziren independentzia-gerrak Amerikan, Estatu Batuei begiratuz eta abagunea aprobetxatuz: ingelesen laguntza, botererik eza (gerratean baitzen penintsula), Frantziako Iraultzaren eta Cadizeko Konstituzioaren jarraibidea, tokian tokiko noblezien bultzada,… 7 1.3. LIBERALISMOAREN GARAIPENA: ESTATUAREN EGITURAREN ERAIKUNTZA Isabel II.aren erregealdia (1833- 1868) a) Isabel II.a adingabetasun-aldia.

Erregeordetzen aldia (1833-1843) a) Sarrera Isabel II.aren adingabetasun-aldian bikoitza izan zen erregeordetza: bere ama Maria Kristinarena, 1840ra arte; eta Baldomero Espartero jeneralarena, 1843ra arte. Maria Kristinaren erregeordetza Lehen Gerra Karlistak mugarritu zuen eta liberal moderatuen babesa aurkitu behar izan zuen Karlos erregegaiaren aurrean. Liberalengana hurbiltze horrek 1834ko Errege Estatutua ematea ekarri zuen. Lege edo gutun egiletsi horretan koroak botere zabalak mantentzen zituen bizimodu politikorako.

Gerra zibilaren testuinguruan, liberalismoaren garaipena 1836an gauzatu zen, La Granja jauregian sarjentuak matxinatu zirenean, eta Mendizabal boterera iritsita 1836ko desamortizazioa egin zenean. Hori guztia 1837ko Konstituzio aurrerakoia aldarrikatzearekin burutu zen. Bi erreforma horiekin, garapen kapitalistari eta liberalismo politikoari bultzada erabakigarria eman zitzaion, erregimenaren oinarri burgesa zabalduz. Halaz eta guztiz ere, liberal moderatuen alde agertu zen Maria Cristina, eta horrek erakarri zuen haren erorketa eta gerra karlistako heroia zen Espartero jeneralak erregeordetza hartzea.

Haren agintaldian finkatu ziren bi korronte liberalak: Alderdi Moderatua (kontserbadorea) eta Alderdi Progresista (liberal progresista). b) Lehen Karlistaldia Gatazka ideologikoa zen auzi dinastikoa baino gehiago. Iraultza liberalaren aurka borrokatu ziren tradizionalistak (absolutista ultrakontserbadoreak). Karlos Maria Isidro, Fernando VII.aren anaia, zen mugimendu tradizionalista edo karlistaren buruzagia, bere eskubide dinastikoak aldarrikatzen zituena bere iloba Isabelen aurka.

(Fernando VII.ak emakumeei tronura iristea debekatzen zien Lege Salikoa indargabetu egin zuen Berrespen Pragmatikoaren bidez).Karlismoak sutsuki defendatzen zituen monarkia, absolutismoa eta Antzinako Erregimena, integrismo erlijiosoa eta Foruak. Karlistek landa-eremuetan aurkitu zuten laguntza gehien-gehiena, eta askoz gutxiago hiri-eremuetan. Gainera, hartara bildu ziren desamortizazioek kaltetutako ordenetako elizgizonak, klero sekularraren zati ez hain handia, armadako kide ez nabarmenak, probintzietako nobleak (jaurerrien jabeak izandakoak), eta mende hasieratik beren bizi-baldintzak okertzen ari zitzaizkien nekazarien zati bat.

Isabeldar edo kristinatarrek, Isabel II.aren eta haren amaren jarraitzaileek, Antzinako Erregimena suntsitu eta sistema politiko liberala ezarri nahi zuten. Administrazioko eta probintzietako, udaletako erakundeetako, armadako, klase ertainetako, finantzetako eta merkatarietako kargudun gehienak isabeldarrak ziren. Gainera, baita ere lanbide liberaletakoak, goi-nobleziakoak, elizgizon sekular gehienak eta herri-sektore gehienak. Honako fase hauek ian zituen gerrak: 8 1. Karlisten ekimeneko etapa (1833-35): foku nagusia Euskal Herrian egon zen, baina beste batzuk ere izan ziren Aragoin, Katalunian, Valentzian eta bi Gazteletan.

Liberalek hirietan eutsi zieten karlistak; haietako batean, Bilbon, hil zen Zumalakarregi jeneral karlista. 2. Gatazkaren zabalkundea (1835-37): Karlisten espedizioak hasi ziren Ebroren hegoalderantz, agerian utziz karlismoaren babes eskasa, eta lurraldeak kohesionatzeko ez zela gai. Madril eta Bilbo hartzeko saioak porrotak izan ziren Espartero jeneralaren defentsaren aurrean. 3. Liberalen garaipena: baliabide gabeziagatik garaipena ezinezkoa zitzaiela ikusita, karlismoa fakziotan banatu zen: eskuin moldakaitz bat, aliantzaren edo errendizioaren kontrakoa; eta sektore moderatu edo tratugile bat, Maroto jenerala buru zuena.

Hark sinatu zuen edo Bergarako Bakea edo Hitzarmena 1839an ; beste jeneral batek, Cabrerak, 1840ra arte jarraitu zuen gerran Maestrazgoan. Gerraren amaierak liberalismoaren garaipena ekarri zuen, eta foruei eusten zieten euskal lurrek haien murrizketa jasan behar izan zuten. Karlismoak indarra galdu zuen baina ez zen desagertu, eta Isabel II.aren erregealdiko politikagintza oztopatu zuen. c) Maria Kristinaren erregeordetza (1833-1840) Maria Kristinaren erregeordetzaren hasieran, liberalen babesarekin, Martinez de la Rosa izendatu zuten ministro, Fernando VII.aren ministroa izandako Cea Bermudezen ordez. Gorteen funtzionamendurako oinarrien legea, 1834ko Errege Estatutua, idatzi zen orduan.

Ez zen konstituzio bat, gutun egiletsia baizik. Bertan ez ziren agertzen subiranotasun nazionala edo eskubide indibidualak bezalako printzipio liberalak. Liberalen artean zatiketa sortu zen, Errege Estatutu harekin bat zetozen liberal moderatuen eta ados ez zeudenen (burubero edo progresisten) artean. Azken hauek 1812ko Konstituzioa ezarri nahi zuten. Hori dela eta, 1835eko matxinada gertatu zen, herrikoia eta burgesa, karlismoa eta gobernu moderatua desagerrarazteko asmoz. Maria Cristinak Mendizabal progresista izendatu behar izan zuen ministro, handik gutxira Isturiz moderatuak ordezkatuko zuena.

Ordezkapen horrek La Granjako Jaikialdia erakarri zuen 1836.08.12an, 1812ko Konstituzioa eta Batzarrak indarrean berrezartzea eskatuz. Hori dela eta, erreginak gobernua J. M. Calatrava aurrerakoiari esleitu zion, eta hark testu konstituzional baten inguruan, 1837ko Konstituzioan, ardaztu zuen bere lana. Talde bakarra ere ase ez zuen testu malgu bat zen, baina gobernua posible egin zuena. Haren ezaugarriak ziren: - Subiranotasun nazionala onartzen zen. - Herritarrentzat eskubide zabalak: prentsa-askatasuna eta elkartzeko askatasuna. - Botere-banaketa. - Konfesionaltasuna: erlijio katolikoa, ofiziala eta Estatuak finantzatua.

- Botere legegilean bigarren Ganbera bat zegoen, Senatua, Errege Izendapenez osaturiko ordezkariek osatua. Gainera, 1837an inprenta-legea (egunkarien kontrola areagotzen zuena) eta hauteskunde-legea (errolda sufragioa ezartzen zuena) lan du ziren. 1837 eta 1840 artean liberal aurrerakoiak eta moderatuak txandakatu ziren gobernuan. 1840an, Udal Legeak krisia sorrarazi zuen. Lege horrek zioen herritarrek hautatzen zituztela alkateak, eta moderatuek nahi zuten alkateak erreginak hautatzea, progresistak udal garrantzitsuen zuzendaritzatik kanpo utziz. Aurrerakoien buruzagia zen Esparterok aurre egin zion erregina erregeordeari, eta Frantziara erbesteratu behar izan zuen honek.

9 d) Esparteroren erregeordetza (1840-1843) Espartero, karlistaldiko jeneral-ospea zuelako, progresismoaren sinbolo bihurtu zen. Hark abiarazi zuen Espainiako politikagintzan militarrek zuzenean parte hartzeko joera izango zuten fasea. Erregeorde zen heinean, moderatuak aurka zituen, Maria Cristinak Frantziatik lagunduta, eta progresisten artean ere ugaritu ziren haren etsaiak hainbat arrazoirengatik: hauteskunde faltsukeriak, nepotismoa eta autoritarismoa. Gainera, Esparterok hartutako neurri librekanbisten aurka ehungintzaren sektoreak sustatutako erreboltak sutu ziren ziren Bartzelonan, 1842an. Altxamenduaren aurkako errepresio gogorrarekin erantzun zuen hark, hiria bonbardatuz.

Narvaez jeneralak estatu kolpea eman zuen, Espartero erbestera joanaraziz, eta hamahiru urte zituenean Isabel II.a adin nagusikoa izendatu zuten, botere hutsunea ekiditeko. e) Desamortizazioa (1837) Aurrekariak Lurren jabetzan liberalismo ekonomikoa inposatzeko burgesiak erabilitako tresna bat izan zen desamortizazioa. Haren aurrekariak XVIII. mendekoak lirateke, Karlos III.aren ministro ilustratuak lur amortizatuak merkaturatzen saiatu zirenekoak. Karlos IV.ak, bere zor publikoa ordaintzeko, elizako zenbait eraikin desjabetu egin zituen. Cadizko Gorteetan desamortizazio-dekretuak eman ziren eta, geroago, Hirurteko Liberalean, haiek abian jartzen saiatuko ziren.

Elizaren lurren desamortizazioa Mendizabalen desamortizazioak (1836koak) klero erregularraren lurrak hartzen zituen aintzat. Estatuaren zor ikusgarria zen haren testuingurua. Isabelen tronua ziurtatu behar zen, eta karlismoa desagerrarazi. Gero Esparterok (1841ean) saldu zituen klero sekularraren lurrak ere. Aurrerakoiek ere kritikatu egin zuten neurria. Nekazari pobreek ez zuten lurrak erosteko dirurik. Lur horiek nekazariei errentan ematea zen bere proposamena, betiere ordura arteko errenta handitu gabe. Desamortizazioaren ondorioak Ondorioak ez ziren izan politikariek lortu nahi zituztenak: - Negozio-burgesiak edo landa-eremuetakoak eskuratu zituen lur horiek.

- Ez zen nekazaritza-erreforma izan, beraz ez zuen lursailen jabetzaren arazoa konpondu. - Latifundioen kopurua ugaritu egin zen eta soldatako nekazariak edo jornalariak ere bai. - Zor publikoa ez zen desagertu, ez zen horrenbeste murriztu. - Industria-erabileretarako erabil zitekeen kapital kopuru handia erabili zen lursailak eskuratzeko. - Halaz eta guztiz ere, nekazaritza-ekoizpenak gora egin zuen. - Espainian erregimen liberala finkatzen lagundu zuen, jabe berriek lagundu zutelako. b) Isabel II.aren adin nagusitasuna (1843-1868) a) Hamarkada Moderatua (1843-1854) Hamar urtez gobernatu zuen Narvaez jenerala buru zuen Alderdi Moderatuak.

Aldi horretan aldarrikatu zen 1845eko Konstituzioa, moderatua, honako ezaugarri hauek zituena: 10 - Subiranotasun partekatua (erregea eta Gorteak). - Erreginaren boterea indartzen zen: Gorteak desegitea, haien erabakiei betoa jartzea, ministroak izendatzea... - Bi ganberako sistema: erreginak izendatutako Senatua eta errolda-sufragioaren bidez aukeratutako Kongresua (biztanleriaren %1ak izango zukeen botoa emateko eskubidea ondoren egin zen Hauteskunde Legearen arabera). - Administrazioaren zentralizazioa: lurraldeen uniformetasuna. - Konfesionaltasuna eta gurtza eta kleroa mantentzeko betebeharra. - Aginte Zentralak izendatutako udalak eta aldundiak. - Milizia Nazionala bertan behera uztea.

Gainera, lege berriekin Estatu-egitura bat antolatu zen moderatuen printzipioen esanera. - Guardia Zibila sortu zen, 1844an, landa-inguruneko jabetza berriak defendatzeko. - Probintziak sortu ziren, 1845ean: 48 probintzia, bakoitza bere aldundi eta gobernadore zibilarekin. - Administrazioaren zentralizazioa. - Zerga-erreforma: Jabetzaren gaineko zerga eta kontsumoaren gaineko zerga berria. - Hezkuntza publikoko sistema, irakaskuntza-mailak arautuz. - Derrigorrezko soldadutza, zozketan oinarritutako kinta-sistemaren bitartez. 1851n sinatu zen Konkordatua Vatikanoarekin: eliza katolikoak Isabel II.a erregina bere horretan aintzatetsi zuen eta desamortizatutako lurrak galdutzat eman zituen.

Trukean, katolizismoa erlijio ofizialtzat hartzeaz gain (konfesionaltasuna), elizaren hierarkiak liberalismoa beretu zuen. Estatuak elizari konpetentzia ugari aitortzen zizkion hezkuntzan eta moral publikoan, eta eliza ekonomikoki mantentzeko konpromisoa hartzen zuen (gurtzarako eta kleroarentzako aurrekontua). Moderatuen jokabidea arbitrarioa eta baztertzailea izan zen. Ustelkerian oinarritzen ziren negozio eroso eta azkarrak egin ziren, gobernu haiekiko oposizioa areagotu zutenak. Azkenean, aurrerakoiek pronuntzimenaduaren eta kaleko presioaren bidea aukeratu zuten pairatzen ari zen krisi ekonomiko eta politikoari aurre egiteko.

b) Biurteko Aurrerakoia (1854-1856) 1854ko Iraultza 1854ko ekainean O'Donell jeneral moderatuak gobernu moderatuaren ustelkeriaren aurkako pronuntzimendua (Vicalvarada) egin zuen Vicalvaron. Herri matxinadarekin bat egin zuten progresistek mugimendu horrekin, eta Manzanaresko Manifestua argitaratuz zabaldu zuten haren egitasmoa. Erreginak 1837ko hauteskunde-legearen arabera eratu eta izaera konstituziogilea zuten Gorte batzuk, Milizia Nazionalaren itzulera, eta askatasunak berreskuratzea onartu behar izan zituen. Hala idatzi zen Konstituzio berri bat, 1856koa, edo "non nata", indarrean sartzeko denborarik izan ez zuena.

Gobernu progresista (1854-1856) Progresistek eta moderatuen fakzio progresistak Batasun Liberala osatu zuten. Espartero izendatu zuten presidente eta O'Donell Gerrako ministro. Biurteko hartan, oso lege garrantzitsuak onetsi ziren ekonomiaren arloan: - Trenbideen Lege Orokorra 1855ean, haien eraikuntza arautzeko eta bultzatzeko. Inbertsioen irabaziak bermatuz, atzerriko kapitalak (frantziarrak eta britainiarrak) erakarri zituzten. - Bankuen, akzio-sozietateen eta meategien legeak, etorkizuneko ekonomia mugiaraziko zutenak.

11 - Madozen desamortizazio lege berria, 1855ekoa, Estatuaren, oraindik saldu gabeko Elizaren lurrena eta, batez ere, herri-lurrena, jabe berri zen burgesiaren onurarako eta nekazari txikien kalterako. Arazo sozialak eta gobernu progresistaren krisia Ordura arte ohikoa zen biziraupen krisiak nekazarien matxinadak sorrarazi zituen. Gainera, zenbait hiritan langile gatazka berriak sutu ziren. Askatasun sindikalak aldarrikatu ziren Katalunian. Esparteroren boterea ahuldu egun zuen bere errepresioak, eta erreginak O'Donell moderatuari eman zion agintea.

c) Monarkiaren gainbehera (1857-1868) Moderatuen erreakzioa eta O'Donellen gobernu unionista (1857-1863) 1845eko Konstituzioa berrezarri ondoren, erreginak Narvaez moderatuari itzuli zion agintea. Hura aldi moderatuko jarraibideetara itzuli zen bi urtez (desamortizazioa bertan behera uztea, kinta bidezko soldadutza berreskuratzea, garai bateko lege murriztaileekin hauteskunde deialdia egitea, askatasunak mugatzea...). Urte horietako legerik garrantzitsuena Moyano ministroaren Hezkuntza Publikoaren Legea izan zen, Estatuak araututako ikasketa planak ezarri zituena.

O'Donell 1858an itzuli zen Gobernura, eta 1845eko Konstituzioari eutsi bazion ere (zertxobait liberalizatuta), biurteko aurrerakoiaren legedi ekonomikoa garatzen saiatu zen. Hala, aurrerakada ekonomiko bat izan zen, eta tren-, sozietate-, meatzaritza- eta banku-ekimena bultzatu zen. Kanpo-politika aktiboko aldi bat abiarazi zuen O'Donellek operazio militar garestiekin: Cochinchinakoa 1858-62ean, Mexiko eta Marokokoak 1859-60an. Azken operazio horretan lortu zuen ospea Prim militarrak. Sistemaren azken krisia (1863-1868) 1863an O'Donellen gobernua erori ondoren, autoritarismoa areagotu egin zen. Monarkiak ospea galdu zuen ustelkeria kasuekin lotuta agertu ahala.

Muturreko katolikoen presio-taldeak gero eta eragin handiagoa lortuz zihoan. Progresistek eta demokratek nahiago izan zuten erreboltaren bidea. 1866an, San Gil kuarteleko sarjentuen matxinada herri-matxinada bihurtu zen. Narvaezek gogor erreprimitu hura, eta Gorteak desegin zituen. Azkenean konspirazioa antolatu zen. 1866an, progresistek eta demokratek Ostendeko Ituna sinatu zuten Isabel II.a boteretik kentzeko eta gizonezkoen sufragio unibertsalaren bidez Gorte konstituziogileak biltzeko. Biziraupen-krisiak, bestalde, herria konspirazioaren alde jarrarazi zuen. 1.4.

SEIURTEKO DEMOKRATIKOA (1868-1874) 1868an gertatu zen Iraultza Loriatsua (gazteleraz, La Gloriosa) deituko zena eta askatasun-aldi bati hasiera eman ziona. Iraultza Loriatsuaren zergatiak: - Isabel II. erregimen politiko moderatuaren krisi politikoa. Ostendeko Itunean agerian geratu zen hori. - Krisi ekonomikoa: 12 a) Finantza-krisia: trenbideetako inbertsioak ez ziren errentagarriak izan. Tren-konpainien akzioen krisia, zor publikoaren krisia bankan. b) Industria-krisia, Kataluniako ehun-industrian eragin berezia izan zuena. Kotoia garesti zegoen Estatu Batuetako Sezesio Gerraren (1861-1865) ondorioz. c) Biziraupen-krisia: gari-eskasia uzta txarren ondorioz.

(Prezioa % 100 garestitu zen 2 urtean). - Gizarte-krisia: kapitalista handiek inbertsioak salbatu nahi zituzten, industria-gizonek neurri protekzionistak nahi zituzten, eta herriak altxamendu handiak egin zituen, bai landa-eremuetan, bai hirietan. Iraultza Loriatsua: 1868ko irailaren 18an Juan B. Topete brigadierrak pronuntziamendua egin zuen Cadizen. Prim (progresista) eta Serrano (Batasun Liberalekoa) jeneralek bat egin zuten harekin ("Viva España con honra" manifestuaren bitartez). Errepublikazaleek eta demokratek asanblada iraultzaileak eratu zituzten hirietan. Alcoleako guduan irabazi egin zuten gobernu-gudarostearen aurka. Isabel II.ak alde egin behar izan zuen.

a) Behin-behineko Gobernua (1868-1870) Gizonezkoen sufragio unibertsalaren bidez hautatua, progresistek, unionistek eta demokratek (guztiak monarkikoak) irabazitako hauteskundeen ondoren. Karlistak eta errepublikazaleak geratu ziren oposizioan. 1869ko KONSTITUZIOA - Subiranotasun nazionala. - Gizonezkoen sufragio unibertsala (25 urterekin). - Bi ganberako sistema. Kongresuko diputatuak zuzenean hautatuta. Senatukoek, zeharka. Gobernua kontrolatzen zuten. - Monarkia parlamentarioa: beto eskubiderik gabe. - Eskubideak eta askatasunak: manifestazioa, bilera, irakasteko askatasuna, postaren bortxaezintasuna...

- Erlijio-askatasuna (klero katolikoa eta gurtza mantentzeko gastua Estatuaren kontura). Serrano erregeorde izendatu zuten eta Prim gobernuburu. Errege berri bat behar zen. Primek aukeratu zuena, Amadeo Savoiakoa, izendatu zuten errege Gorteek. b) Amadeo I.a Savoiakoaren erregealdia (1871-1873) Prim tirokatuta hil ondoren, 1871ko urtarrilaren 2an, izendatu zuten Amadeo errege. HAREN ALDE: Progesistak eta unionistak. Baina haien artean baziren desberdintasunak. HAREN KONTRA: Aristokrazia isabeldarra, eliza, karlistak, militarrak, klase herrikoi errepublikazalea eta obreristak.

Arazo ekonomiko larriez gain, arazo politikoak ere pilatu egin ziren: - Gobernu-krisi etengabeak, egonkortasuna zailtzen zutenak. - Gerra Karlista sutu zen (1872ko apiriletik 1876ra). - Kubako gerrak jarraitu egiten zuen. Yarako oihuarekin hasi zen, 1868an. - Herritarren (nekazarien eta langileen) matxinadak: internazionalistak (anarkistak eta sozialistak) eta errepublikazaleak. 1873ko otsailaren 10ean Amadeok uko egin zion koroari eta joan egin zen Espainiatik. c) Lehen Errepublika (1873-1874) 1. Errepublika federala Estanislao Figueras lehen presidenteak Gorte konstituziogileak deitu zituen. Errepublikazaleek irabazi zuten.

Errepublika Demokratiko Federala aldarrikatu zen 1869ko Konstituzioa aldatuz. Pi i Margall errepublikazale federalista izan zen gobernuburua, eta ondoren presidentea. Hamazazpi estatutako nazio federal bat eratu zen. Estatuak autonomoak ziren ekonomian, administrazioan eta politikagintzan, eta bakoitzak bere Konstituzioa izango zuen. 13 Estatuak zor handia zuen artean, eta nekazariak kezkatuta zeuden. Gerra karlistak jarraitu egiten zuen Euskal Herrian eta Katalunian.

Errepublikazaleek, egitura berria aprobetxatuz, errebolta kantonalista abiarazi zuten, eta haren baitan kantoi independenteak aldarrikatu zituzten, egitura federala behe-behetik eta modu erradikal eta zuzenean aplikatzeko asmoarekin. Ideia internazionalistak eta iraultza soziala bezalako egitasmoak zituzten. 1873an kantoi independentea aldarrikatu zen Cartagenan, eta mugimendua Andaluzian, Valentzian eta Murtzian zabaldu zen. Pi i Margallek dimisioa eman zuen kantonamenduen aurkako errepresioa erabiltzeari uko egiteagatik. 2. Errepublika unitarioa Errepublikazale unitario edo zentralistek ez zuten begi onez ikusten mugimendu kantonalista.

Nicolas Salmeronek errepresio gogorra erabili zuen kantonamenduen aurka. Heriotza-zigor batzuk sinatzeari uko egin zionean, dimisioa eman behar izan zuen. Emilio Castelar errepublikazale unitario eta kontserbadoreak dekretuz gobernatu zuen, Gorteak itxiz. Armada berrantolatu egin zuen karlisten aurka borrokatzeko. Gorteak berriro abiarazi zirenean, federalistek boteretik bota egin zuten. 3. Serrano jeneralaren gobernua Pavia jeneralaren estatu-kolpearen (1874.01.03an) eta Gorteak desegin ondoren, Serrano jeneralak hartu zuen agintea.

Erregimen autoritarioa ezarri zuen kontserbadoreak erakartzeko (prentsaren zentsura, federalismoa legez kanpo ezartzea, Internazional Langilea desegitea, udalak eta diputazioak bertan behera uztea...). 1874ko abenduaren 29an, Martinez Camposek Sagunton pronuntziamendua egin eta Alfontso XII.a, Isabel II.aren semea, izendatu zuen Espainiako errege. Hala hasi zen berrezarkuntza. Bi urte geroago, 1876an, amaitu zen III. Karlistaldia, eta lau urte geroago, 1878a, Kubako lehen gerra. 1.5. FORUEN AUZIA (1833-1876) Euskal Herrian, Europa osoan bezala, aldaketa handiak gertatu ziren XIX.

mendean, eta lehendik zegoen foru-sistemak zailtasunak izan zituen liberalismoak ekarri zuen egitura konstituzional berrira egokitzeko. Gai horrek ere lehen mailako garrantzia izan zuen Espainiako politikan eta, bi gerrateren ondoren, foruen aztarna Ekonomia Itunen sisteman gorpuztu zen, gerora Euskal Herriaren industrializazioa sendotuko zuenean. a) FORUAK ETA FORU-SISTEMA XIX. mendearen hasieran, Nafarroako Erresuman, Bizkaiko Jaurerrian eta Araba eta Gipuzkoako probintzietan irauten zuen foru-sistemak. 1.1. Kontzeptua eta erakundeak a. Kontzeptua Foruak herri baten ohitura arautzaileak dira, eskubide eta lege bihurtuta.

Euskal lurraldeetan, bizimodu politiko eta soziala Erdi Arotik ahoz aho transmititzen ziren eta ondoren Aro Modernoan idazten hasi ziren lege zaharren bitartez arautzen zen. Lurralde historiko bakoitzak bere foruak eta bere erakundeak zituen. Aldi berean, onartu egiten zen erregea eta, ordainetan, erregeak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foruen zina egiten zuen onartua izateko. 14 b. Erakundeak Toki-erakundeak: udalek eta alkateek aukeratzen zituzten beren kontzejuak (irekiak edo itxiak). Ordezkariak bidaltzen zituzten Eskualdeko Batzarretara eta, haien arabera, Batzar Nagusietara. Batzar Nagusiak: Haietan bildutako herrien ordezkariek hartzen zituzten erabakirik garrantzitsuenak.

Botere legegilea zuten eta erregearen ordezkariak edo korrejidoreak ziren haien buru. Foru-aldundiak: Batzarren arteko aldietan erabakiak hartzeko diputatuak izendatzen ziren. Urteak igaro ahala, gero eta botere exekutibo handiagoa eskuratzen hasi ziren haiek. Korrejidoreak: erregea ordezkatzen zuten. Haren aginpidea defendatu, beren erakundeak gainbegiratu eta gerra egoeran probintziako Armadaren buru izateaz arduratzen ziren. Bera zegoen probintziako botere judizialaren erpinean. c. Ezaugarriak Ordezkaritza arazoak: eskualdekako ordezkaritzak arazoak sortu zituen hiriguneak ordezkaritza handiagoa eskatzen hasi zirenean.

Biztanleek kaparetzat zuten euren burua (kaparetasun unibertsala zela eta), soldadutza orokorretik eta zergak ordaintzetik salbuetsita. Hala ere, praktikan, probintzietako kargak herri xeheko kideek bakarrik ordaintzen zituzten, eta gero eta familia gutxiagoren ordezkariak izan ziren arduradunak (lurren edo negozioen jabeak eta gaztelaniaz irakurri eta idazteko gai izateko baldintza betetzen zutenak). Subiranotasuna: erregeak eta probintzien foruek bata bestearekiko onarpena behar zuten, eta horrek akordio edo itun-izaera ezartzen zion egoerari. Erregeen legeak foruen aurkakoak zireela ulertzen bazen, arazoak sortzen ziren, asanbladek kontraforu egoera deklaratzen baitzuten orduan.

Kasu horietan, "obeditzen da baina ez da betetzen" formula (foru-pasea probintzietan, sobrekarta-eskubidea Nafarroan) erabiltzeko eskumena zuten. Subiranotasuna kudeaketan: autonomia zegoen bertako legeak egin eta aplikatzeko orduan. Kanpo eta barne politika orokorra erregearen eskuduntzakoa zen. Merkataritza librea: aduanak barnealdean zeuden eta kostaldearen babesa eta kudeaketa probintziaren ardura zen. Merkataritzan, bertakoen kontsumorako kanpoko produktuak sartzea erraztu egiten zen, baina penintsulan bertako produktuak saltzea zaildu egiten zen. Militarra: probintziak bere miliziak antolatzen zituen gerra garaian probintzia defendatzeko.

Erregearen tropek baimena behar zuten probintzian egon ahal izateko. Ez ziren kintak erabiltzen. 1.2. Gatazken aurrekariak Lurraldeak politikoki eta juridikoki harmonizatu nahi zituen Borboien dinastia heldu zenean, foruak oztopo ziren. Felipe V.ak, Ondorengotza Gerran euskal lurraldeek lagundu ziotenez, berretsi egin behar izan zituen euskal foruak. Amerikar lurrekin merkataritza egiteko baimenik ez izatea (1778) edo barnealdeko aduanetan muga-zergak garestitzea foru sistemaren aurkako presio neurriak izan ziren. XIX.

mendetik aurrera iritsi ziren ideia liberalek aldaketa eragin zuten gizartearen, ekonomiaren eta politikagintzaren ohiko egituretan, eta foruak ez ziren, bere horretan, egitura berrian sartzen. Frantziar inbasioarekin, hiritarragoak ziren frantsestuen eta landatarragoak ziren absolutisten jarrerek arrakala ideologikoaren abiapuntua erakutsi zuen probintzietan. 1812an Cadizko Gorteetan Konstituzioa onetsi zenean, nazio espainiarraren kontzeptu politikoa sortu zen, eta haren baitan gizabanakoaren askatasuna eta berdintasuna aintzat hartu ziren.

Oinarrizko legea izanik hura, ez zen onartzen haren aurreko lege bakar batek ere baldintzatu zezakeenik; hau da, foruak teorikoki indargabetu egin ziren. Fernando VII.arekin, foruak onartu baziren ere, kontraforuak gertatu ziren eta Hirurteko Liberalean egin zen foru erregimena indargabetzeko lehen saioa. 15 Foruek euskal herritar guztien kudeaketaren subiranotasuna islatzen zuten, eta zerga orokorren eta zerbitzu militarraren salbuespena ematen zuten. Landa-eremuetako nobleziak, Batzar Nagusietan zuten lidergoa galdu nahi ez zutenez, foruen alde agertu ziren.

Aitzitik, hiri-eremuetako burgesia berriak, egitura liberal berrien bidez lor zezaketen botere ekonomiko eta politikoaren aldekoak ziren. Elizak bere zergak (hamarrenak) eta lurrak mehatxupean ikusten zituen liberalismo berriaren eraginez. b) LEHEN KARLISTALDIA (1833-1839) Euskal Herrian, arazo dinastikoarekin elkartuta, bi arrazoi nagusi izan zituzten karlistaldiek: burgesiaren eta landa-eremuaren arteko gatazka, eta foru-sistemaren defentsa. Behe-mailako kleroak, bere interesak defendatuz, gudaroste karlisten errekrutamendua hauspotu egin zuen. Karlisten mobilizazioak ez zuen arrakastarik izan euskal hiriburuetan, burgesia nagusi baitzen haietan.

Euskal Herrian, landa-eremuetan, foruen defentsak Antzinako Erregimenaren alde bilbatu zituen nekazariek, jabe txikiek, noble batzuek eta kleroaren gehiengoak osatutako gizataldeak. Ez zeuden administrazio zentralizatu baten alde, elizak bere lurrak eta bere boterea defendatzen zituen, nobleek bere estatusa tokiko administrazioan, eta nekazariak herri-lurren salmentaren aurka zeuden. Tokiko testuinguru horretan txertatu zen arazo dinastikoa, 1833an Fernando VII.a hil ondorengo gerrarekin, haren anaia Karlosen aldeko karlista eta tradizionalisten, eta haren alaba Isabelen aldeko isabeldar eta liberalen artean. Lehen karlistaldia (1833-1839) Hiru fase nagusi izan zituen: A.

1833-35: Tomas Zumalakarregiren zuzendaritzapean lortu zituzten karlistek garaipenak foru lurraldeetan, baina hiriburuak hartu gabe. Bilboko setioan hil zen Zumalakarregi. B. 1835-37: Penintsula zeharkatu eta Madrilera iritsi ziren arren, karlistek ez zuten garaipen osoa lortu. Karlistak ez ziren Donostian sartu. (Oriamendiko bataila, 1837an). Bitartean, armada liberala antolatu egin zen pausoka. Espartero jeneral liberalak Bilboko bigarren setioa altxarazi zuen. 1837ko irailaren 19an, gerra bete-betean, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiak indargabetu eta haien ordez probintzia-diputazioek ezarri ziren.

Praktikan foru-sistema desagerraraztea esan nahi zuen horrek, nahiz eta itxaron beharko zen hori gauzatu arte. C. 1838-39: Muñagorri liberalaren ekimenak ("Bakea eta foruak") arazo dinastikoa eta foruak bereizteko ideia ereiten lagundu zuen. Horren harira, Maroto jeneral karlistak negoziazioak abiarazi zituen, militar karlisten karguak eta foruak mantentzearen truke. Ideia horretan oinarrituta sinatu zen Bergarako Hitzarmena (1839.08.31). Azkenik, karlistek Isabel II.a erreginatzat aintzatetsi zuten, armadan zituzten karguei eutsiz. Baina Bergarako Hitzarmenaren lehen artikulua izan zen ondoren etorriko zen foruen abolizioaren lehen urratsa: 1.

artikulua "Baldomero Espartero kapitain jeneralak gogotik gomendatuko dio Gobernuari bete dezala bere eskaintza, formalki hitzematen duena foruen emakida edo aldaketa Gorteei proposatzeko". Nahasiegia zen konpromisoa. Gerora onetsi zen legeak argitu zituen jarrerak. c) Foru-araubidea Estatu liberalean txertatzea eta foruzaletasuna 2.1. 1839ko urriaren 25eko legea "1. artikulua: Hiru Euskal Probintzien eta Nafarroaren Foruak berresten dira, Monarkiaren batasun konstituzionalari kalterik egin gabe". 16 Ordura arte foruen eta konstituzioaren artean zegoen norgehiagoka, azken horren alde ebatzi zuen legeak.

Foruak berretsi egiten ziren, baina argi geratzen zen euskal lurraldean ez zegoela subiranotasun arrastorik: Konstituzioa da Foruei beren garapenerako gaitasuna ematen diena. Hortik eratorritako legedi guztia printzipio horretatik abiatzen zen. "2. artikulua: Gobernuak, abaguneak aukera eman bezain laster, eta Euskal probintziek eta Nafarroak diotena aurretiaz entzunda, Gorteei proposatuko die aipatutako foruetan haien interesa eskatzen duen ezinbesteko aldaketa, nazioaren eta monarkiaren Konstituzio orokorrarekin bat etorriz, eta bitartean, behin behinean, eta adierazitako moduan eta zentzuan, sor daitezkeen zalantzak eta zailtasunak ebatziko ditu, Gorteei horren berri emanez".

Beraz, gobernuak aldaketak egin ditzake foruetan euskal lurraldeek diotena "aurretiaz entzunez". Hala ere, horrek gerora zalantza batzuk sortu zituen, entzute hutsa ote zen kontua, edo entzundakoa aintzat hartu beharrekoa zela ulertzen ote zen. 2.2. Foruak eta sistema publiko garaikidea Behin oinarria ezarrita, foru-sistemaren jarraipena eta eguneratzea egin zen, XIX. mendean sistema hori abolitu zen arte, bi fasetan: a. Legeria berrian txertatzea.

Esparteroren Erregeordetza (1840-1843): Nafarroako Foruak eraldatzeko legea (1841.08.16koa), edo "Lege Hitzartua": aldez aurreko erakundeak desagerrarazi zituen eta Probintzia Diputazioa sortu zen, muga Pirinioetara eraman zen eta salbuespen militarra iraungi zen. Nafarroak Espainiako Konstituzioaren nagusitasuna, haren legeak eta haren hauteskunde-sistema onartu zituen. Zergaren eta tokiko administrazioaren salbuespena soilik mantendu zen. Urtero ordaindu beharreko kupoa ezarri zen. Zuzenbide zibilari eusten zion.

Gauzak horrela, hiru probintziek ez zuten Esparteroren menpe jarri nahi izan (foru pasea indargabetu eta barrualdeko aduanak kostara eraman baitzituen) eta O'Donellen matxinadarekin kolaboratu zuten Esparteroren aurka. Esparterok Euskal Foruen Abolizio Dekretua (1841.10.29koa) sinatu zuen, Donostiako liberal burgesekin aliantza eginda: diputazioak probintzialak izango ziren, gainerakoak bezala, aduanak kostaldera eramango ziren, foru-pasearen eskubidea ukatu egiten zen eta akabo salbuespen judizial, administratibo eta militarra. b. Isabel II.aren erregealdia.

Sistema publiko garaikidearen sorrerarekin txertatzea Espartero erori ondoren, foru-aldundiak eta foru-sistemaren hondar batzuk berreskuratu ziren: soldadutza-salbuespena eta bi karlistaldien artean negoziatutako zerga-sistema mantendu ziren. 1844ko uztailaren 4an gertatu zen hori, Pedro Egaña bezalako euskal diputatu foruzaleen lanari esker. Hala ere, aduanak kostaldean geratu ziren, eta foru-pasea ez zen berriro berreskuratu. XIX.

mendean, Europan estatu modernoak sortzen eta egituratzen joan ziren garaian, Euskal Herrian tokiko egitura administratiboa mantendu zen, salbuespen militar bat zegoen eta horrek guztiak ahalbidetu zuen egitura propio berriak sortzea (adibidez, hezkuntzan, polizia propioan edo azpiegituretan) estatuaren egitura zentralarekin batera. Urte horietan (1839-1876) foru sistema mantendu eta eguneratu egin zen, eta aldi berean etorkizuneko garapen ekonomikoa eta euskal kultura erromantikoaren loraldia eratu zen. Aldi horretan bertan, foruzaletasun berri horrekin bat egin zuten liberal moderatu eta aurrerakoiek bizirik iraun zuten foru erakundeen inguruan.

Burges berriek, lur-jabe aberatsek eta sortuko ziren industria gizon berriek oso alderdi onuragarriak aurkitu zituzten autogobernuan eta Foruetatik eratortzen ziren abantaila fiskaletan. 17 d) Azken karlistaldia eta foru-abolizioa Azken karlistaldia (1872-1876) Seiurteko demokratikoan foru-erregimena errespetatu zen, eta lehentasunezkotzat jotzen ziren beste arazo batzuei heldu zitzaien. Hala ere, gerra zegoen Euskal Herrian. Iraultza demokratikoa eta honek zekartzan joera laizistak tokian tokiko joera tradizionalisten aurkako erasotzat hartu ziren.

Karlistek mundu tradizionalaren eta foruen defentsan jartzen zuten arreta, baina katolizismoaren defentsa gero eta garrantzitsuagoa zuten foruena baino. Liberalen artean, kontrara, foru sistemaren funtsezko tasunari eustearen aldeko jarrera zabaltzen ari zen. 1868an hasitako Seiurteko Demokratikoan alderdi politiko modura parte hartu zuen karlismoak. Amadeo Savoiakoaren erregealdia hasi zenean, matxinatu egin ziren haren aurka (1872.04.08), eta Karlos VII.a, Don Karlosen biloba, errege izendatu zuten. 1872-1874: Hasiera batean, Azkainetik, Lapurditik sartuz, Karlos VII.a galtzaile suertatu zen Orokietako guduan. Lehen fasea Zornotzako Hitzarmenarekin amaitu zen (1872.05.24an).

Serrano jeneralak, Armada errepublikanoaren buruak, amnistia eskaini zuen armak uztearen truke. Ondoren, 1873an, karlistek erasoari ekin zioten berriro ere, Errepublikaren aldarrikapenek eta kantonalismoaren erreboltak eskainitako abagunea aprobetxatuz. Santa Kruz apaizaren taldearen erasoen garaia izan zen hura. Euskal hiriburuak menderatu gabe ere, garaipen urteak izan ziren haiek karlistentzat. Portugale hartu ondoren, 1873an, karlistek Bilbo setiatu eta bonbardatu egin zuten. Aldundietan oinarritutako estatu-egitura sortu zuten karlistek (ministerioak, txanponak, unibertsitatea, aldizkari ofiziala, hiriburua Durangon...).

1874-1876: 1874ko maiatzaren 2an Moriones jeneral errepublikanoak altxarazi zuen Bilboko setioa. Alfontso XII.a 74ko abenduan izendatu zuten errege. Foruak errespetatzeko eskaintza egin zuen bakearen truke, baina karlistek uko egin zioten horri. Erregeak gerrari ekin zion euskal lurraldean. Martinez Campos jeneralak eman zien azken jipoia karlistei, 1876ko otsailaren 27an Lizarra okupatu zuenean. Ondoren, Tolosa hartu eta Donostiako eta Iruñeko setioak altxarazi zituen. 1876ko otsailaren 28an Karlos VII.ak muga zeharkatu zuen. 1876.07.21eko Legea eta foru-abolizioa.

Gerra amaituta, Cánovas del Castillok (gehiengo parlamentarioa, konstituzio berririk gabe oraindik eta Euskal Herria militarki okupatua) egokiera aprobetxatu zuen 1839ko legearen 2. artikulua praktikan jartzeko, foruak batasun konstituzionalera egokituz. Haren helburua zen salbuespen militar eta fiskala, foruen azken hondarra zena kasik, Konstituzioaren aurkakotzat jotzea. Hala, ekainean onetsi zen Konstituzioak ez zuen foruei buruzko aipamenik egiten. Behin oinarriak ezarrita, 1876ko uztailaren 21ean oetsi zen Foruak abolitzeko legea. Ez zuen hitzez hitz aipatzen foruen abolizioa, baina honela zioen: "1. artikulua.

Konstituzio politikoak espainiar guztiei beti ezarri izan dizkien eginbeharrak, hau da, legeak hala deitzen dienean armen zerbitzura joateko betebeharrak, beren dirubideen arabera Estatuaren gastuetara ekarpena egiteko eginbeharrak, hedatuko dira, Konstituzio-eskubideak zabaltzen diren bezala, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako probintzietako biztanleentzat ere, Nazioko gainerako biztanleentzat bezalaxe. Legea idatzita zegoen moduak kezka sortu zuen Foru Aldundietan. 4. artikuluak esaten zuen aldundiekin adostu behar zirela erreformak, baina haietako batzuek, batez ere Bizkaikoak, ez zuten errazten kintoen antolaketa, ezta diru-bilketa sistema berriaren eraketa ere.

Hitzez hitz halakorik ez zioen arren, praktikan legeak foru-sistema desagerrarazten zuen. Haren arabera, Gobernuak Foru Aldundiak desegin eta Probintzia Diputazioak sortu zituen, berak aukeratuz ordezkariak. 18 Gauzak horrela, Canovasek berak aukeratutako Diputazioen ordezkariekin negoziazioak hasi zituen diru bilketa arautzeko, eta 1878ko otsailaren 28ko Errege Dekretuak Ekonomia Itunaren sistema sortu zuen. Zerga itunduak, gobernuaren eta diputazioen artean hitzartu beharrekoak, probintzia-diputazioek arautu eta bilduko zituzten (beste probintzia batzuetan ez bezala) hurrengo zortzi urteetan.

Urtero Estatuari kupo bat emango zitzaion gastu orokorrak ordaintzeko, eta gainerakoa probintzia mantentzeko erabiliko zen. Aduana-zerga Estatuaren eskuetan geratuko zen. Diputazioek euren zerga sistema propioa sortzeko eskumena izango zuten (adibidez, Bizkaiak tabernen tasa sortu zuen), baita gastu sistema erabakitzeko eskumena ere. Etorkizunean, herrialdean eginda beharreko inbertsio publiko handiena Diputazioen esku geratu zen. Gainera, kupoa zortzi urtean behin negoziatuko zenez, mende amaierako garapen industrialak dirutza handia utzi zuen Diputazioen eskuetan, haien inbertsioak erabakitzeko eta, praktikan, autogobernu ohiturei eutsi ahal izateko.

Zortzi urte beranduago, 1887an, sistemak behar bezala funtzionatzen zuela ikusita eta Diputazioek ondo ordaindu zutela kontuan izanda, beste zortzi urtez luzatu zen ituna. Eta horrela gaur arte, frankismoaren parentesia kontuan hartuta (Gipuzkoan eta Bizkaian). 19

Más apuntes de Historia de España

Exámenes, temas y apuntes de Historia de España